Xilaba Bertsolari Txapelketako finala urtarrilaren 31n izango da, Donibane Lohizuneko Jai Alain.
Joan den urteko azaroaren 8an hasi zen Xilaba Bidarten eta bere bidea egin du Xiberua, Lapurdi eta Baxenabarre zeharkatuz: Domintxaine, Ainhoa, Ligi, Aiherra, Muskildi, Hiriburu, Baigorri, Bardoze eta, azkenik, urtarrilaren 31n Donibane Lohizunera iritsiko da. Lehen fasean lau saio izan ziren, eta 24 bertsolarik kantatu zuten; bigarren faseak hiru saio 18 bertsolarirekin; final aitzinekoetara 12 bertsolari sailkatu dira; eta final egunean sei bertsolari lehiatuko dira.
Finalera heldu direnak: Aitor Servier, Elixabet Etxandi, Irantzu Idoate, Maddalen Arzallus, Maddi Ane Txoperena eta Miren Artetxe. Bost emazte izango dira finalean eta 29 urtekoa da finalisten bataz besteko adina. Sei bertsolariak Seaskako ikastoletako ikasle izanak dira.
Maialen Hiribarrenek jarriko dio txapela irabazleari.
