Ekainaren 1ean, larunbata, Niessen Kulturgunean kontzertu berezia prestatu dute Oarso Musika Elkarteko adiskideek, ikasturteari amaiera ederra emateko asmoz. Hiru talde arituko dira: Rukula, Tooth eta 7th Story Killers.
Rukula taldeak musika instrumentala jorratzen du. Funk, rock, stoner techno estiloak eta doinu dantzagarriak nahasten dituzte bertoko musikariek, -Oihan Agirretxe, Martxel Arkarazo, Aitor Pagola eta Jon Agirianok-. Koktelera hori, zuzenean daukaten portaerarekin gehitzen da. Euren bigarren diskoa prest dute, eta gogotsu daude dema plazara ateratzeko.
Tooth Gernikan 2009. urtean sortutako post-hardcore taldea da. Ordutik, zenbait aldaketa jasan eta gero, taldea Mirrik (bajua eta hotsa), Arzak (bateria) eta Edortak (gitarra eta ahotsa) osatzen dute. “Hasi ginenetik Euskal Herriko hainbat tokitan jo dugu, gaztetxe, taberna eta antzokiak. Bestalde, gure aurreko lana bi (2016) kaleratu genuenetik, penintsula osoan zein Europan ere kontzertuak emateko aukera suertatu zaigu. 2018ko maiatzean kaleratu dugu gure azken lana _amaierarik ez… eta hau aurkezten gabiltza ordutik.”
7th Story Killers Donostia eta Errenteria aldeko hardrock talde berria da. Ez galdu Oreretan egingo duten lehen kontzertua!