Larunbatean abiatuko da Iruñeko Udalak eta Euskal Idazleen Elkarteak antolatu duten Hitzen Mintegia. Ekimenak euskarazko hiru literatura-lantegi dakartza Literatura lantzen: Generoa eta protagonistak lelopean. Saioak urriaren 10ean, 24an eta 31n egingo dira Iruñeko Kondestablearen jauregian.
Ekimenaren helburu nagusia “egile berriek euskarazko literatura sor dezaten bultzatzea eta idazleak elkar ezagutu eta prozesu eta dinamika horien jabe egitea”.
Diogun moduan, lehenengo lantegia urriaren 10ean izango da, eta zientzia-fikzioa eta fantasia landuko dira. Lan eta idazle esanguratsuenak aztertuko dira, eta ariketa praktikoak egingo dira. Aitziber Etxeberria Garro (Zarautz, 1973) arduratuko da lehen lantegi horretaz.
Bigarren lantegia urriaren 24an antolatu da titulu honekin: Eleberri beltza? Ez, eskerrik asko”. Jon Alonso Forcaude idazle eta itzultzaile iruindarrak gidatuko du lantegia.
Hirugarren eta azken lantegia urriaren 31n abiatuko da, Pertsonaiak: nola irudikatu, nola eraiki, hizketan nola jarri izenburupean. Miren Amuriza Plaza (Berriz, 1990) bertsolari, filologo eta idazle bizkaitarrak gidatuko du lantegia.
Informazio guztia: EIE
