Larrazken honetarako, Antzerki Aroaren eskutik, bi emanaldi programatu dira Nafarroako Antzerki Eskolan: Huts Teatroaren Etxekoak, azaroaren 11n, asteazkenarekin, eta Tartean Teatroaren Zergatik Jamil?, abenduaren 16an. Biak 20:00etan izango dira.
Etxekoak obrak honela dio: “Ezin da edonor etxean sartu. Hala dio legeak. Maddik Mamadou maite du. Halaxe dio bihotzak. Euskal Herriko etxe batean gertatzen dira ekintza guztiak”.
Lau pertsonaia izango dira oholtzan: “Maddi, neska gazte euskalduna, Mamadourekin maiteminduta dago; Goio, Maddiren osaba tentela; Imanol, Goioren anaia, Maddiren osaba; eta Amama, Maddiren amama, Goio eta Imanolen ama”.
Etxe barruko eta kanpoko kontuak kontrajarriz, obraren bidez, estatuek eta gizarteek eraikitako lege eta mugei buruzko gogoeta kritikoa egin nahi da. Hala, barrukoa eta kanpokoa aurrez aurre paratuz, immigrazioaren gaia izango du aztergai obrak.
Abenduan, Tartean Teatroaren txanda izango da Zergatik Jamil? obrarekin. “Kolpe bat jaso eta memoria galdu berri duzu. Dakizun bakarra, poliziak esan dizulako, zera da: bere ohean zetzan elbarritu babesgabe bat tiroz akatu duzula; duela gutxirarte maitekiro zaintzen zenuen gizona, hain zuzen. Zeure burua duina eta zintzotzat duzu eta hala ere krimenik gorrotagarriena burutu duzu. Eta zeure buruari galdetzen diozu: Zergatik, Jamil?”
