Lanku Kultur zerbitzuak, bere 10. urteurrena ospatzeko afari-jaialdi berezia antolatu du urriaren 25ean, Itziarko Hostalean, 21:00etan.
Afariarekin hasiko da ekitaldia, eta ondoren bost bertsolarik eta gai jartzaileak osatutako jaialdiari ekingo zaio: Xabier Amuriza, Andoni Egaña, Sustrai Colina, Oihane Perea eta Oskar Estanga, eta saioa gidatzen Joana Itzaina.
Xabier Amurizak, Itziarri buruzko bertso-jarriekin emango dio hasiera jaialdiari, ondoren Joana Itzainak, Andoni Egaña, Sustrai Colina eta Oihane Pereari gaiak jarriko dizkie, eta bukatzeko Oskar Estangak bat bateko bertso musikatuekin amaiera emango dio jaialdiari.
Lanku, Bertsozale Elkarteak sortutako kultur enpresa da. Bertsoa oinarritzat hartuta, edozein kultur ekitaldi sortzeko eta antolatzeko giza zein baliabide materialak kudeatzen ditu: bertso saioak, haurrentzako ikuskizunak, ikus-entzunezkoak….