Anodino Teatroa talde bizkaitarrak apirilaren 28an Obsoletus antzezlana eszenaratuko du Getxoko Muxikebarri aretoan.
Antzerki konpainiak umore lotsagabea, azkarra eta gazia bilatuz, hainbat galdera jarriko ditu mahai gainean: Gaur egungo testuinguruan, zer bide hartu behar du langile borrokak? Kaleetan egiten zen garai bateko protesta indartsuak bidea utzi al dio sare sozialetan egiten diren eztabaidei? Noiz bukatzen da borroka bat: eskatzen duzun guztia lortzen duzunean edo herriaren babesa galtzen duzunean?
Pako Revueltasen zuzendaritzapean eta Aiora Sedano, Juanjo Otero eta Aitor Fernandino aktoreekin Obsoletus lanak Ibaialde herri fiktizioaren istorioa kontatzen du. Lantegiaren ixtearekin sortutako protesta jendetsua, denborarekin guztiz ahulduta dago, Ione eta Elias bakarrik geratzen direlarik. Baina Txarlik itxaropena dakar, hitzemateak lortu ditu, baldintza bakar batekin: itxialdia berehala utzi behar dute.
Testua, Aitor Fernandinok idatzitakoa, Antzerkigintza Berriak proiektuaren babesa jaso zuen 2021ean eta antzezlana ekoizteko Eusko Jaurlaritzaren Kultura saileko babesa jaso du. Getxoko estreinaldiaren ostean Donostiako Antzoki Zaharrean egingo dute, apirilaren 30ean, eta maiatzaren 1ean, Langileen Nazioarteko Egunean ere bai.
Anodino Teatroak antzezlan ugari egin ditu, eta hainbat sari jaso ere: Alex Angulo saria Pabilioi 6eko Antzerki Arineko Jardunaldietan, eta Donostiako Poltsiko Antzerkiko lehenengo saria.
Obsoletus bere bigarren ikuskizun luzea da eta dudarik gabe asmo handikoa.