Betiko legez, Landarte programa Nafarroako bost herri txikitan garatuko da, non sortzaileek sorkuntza artistikoak eta partaidetza-prozesuak gauzatuko dituzten. Programa honen bederatzigarren edizioa urrira arte garatuko da.
Aurten honako artista hauek, honako herri hauetan egongo dira: Ioana Hernández Arriaga artista Arboniés udalerrian egongo da; Marta Elía Aldave sortzailea, Bargotan; Asier Gogortza argazkilaria, Garden; Jara Calvo kazetari eta idazlea, Mélidan; eta Carmen Parrado Gil diseinatzailea, Puiun.
Landartek Nafarroako landa-inguruneko hainbat herritan kultur sorkuntza garaikideko prozesu kolektiboetan parte hartzeko gonbitea egiten du. Horretarako, tokiko komunitateen eskura jartzen ditu beharrezkoak diren bitartekoak, egiten diren proiektuak garatu ahal izateko. Gainera, Landartek sortzaileak herri bakoitzaren errealitatera hurbiltzera gonbidatzen ditu, bertako pertsona, kolektibo eta erakundeekin etengabe hitz eginez. Horregatik, Landarteko prozesuak irekiak dira, bai komunitateentzat eta sortzaileentzat.
Helburua da Nafarroatik kanpoko beste esperientzia eta ikuspuntu batzuk hurbiltzea, hainbat gairi buruzko hausnarketa bultzatuz. Hortaz, Landarteko sortzaileekin topaketa bat egitea proposatzen da, baita elkarrizketa bat egitea ere, programaren webgunetik zabaltzeko grabatuko dena.