Nontzeberri

“Landarte”, kultur sorkuntza garaikidea Nafarroako landa-eremuetako herrietan

Landarte 2023 programa Nafarroako bost herritan gauzatuko da, Ameskoa ibarrean, Berbintzanan, Gabarderalen, Jaurrietan eta Urraulgoitin.

Ohi den bezala, hainbat artistak eta sortzailek zenbait kultur prozesu sortuko dituzte herri horietako biztanleekin elkarlanean. Zehazki, Aizpea de Atxa artista Ameskoa Ibarrean, Itsaso Jimenez Iribarren hezitzaile eta artista bisuala Berbintzanen; Andrea Muniain arkitektoa Gabarderalen; Oier Zuñiga aktore eta ilustratzailea Jaurrietan; eta Victor Masferrer eskultore eta artista bisuala Urraulgoitin. Guztiak hainbat diziplinatatik lan egiten duten artistak dira. Andrea Muniainek teknologia digital berrien aplikazioek subjektibotasunen, gorputzen, espazioen eta identitateen gainean dituzten inplikazioak agerian uzten dituzten instalazioekin lan egiten du. Itsaso Jimenezen sorkuntza-ildoak arte garaikidea eta ogibideak dira, zeharkako ikaskuntzarako tresna eta gizarte-aldaketarako eragile gisa. Oier  Zuñigak, bere ibilbidean, hainbat proposamen eszenikotan egin du lan, eta ilustrazio aplikatuko proiektuak, arte-proiektu pertsonalak eta arte bisualetako lanak landu ditu. Victor Masferrerrek eskultore eta artista bisual gisa dituen proiektuak irakasle lanarekin uztartzen ditu. Bere lanak argazkilaritza esperimentala eta bere teknologiak ditu ardatz, gaur egun irudiarekin dugun harremanarekin lotuta. Aizpea de Atxak zinemarekin lan egiten du.

Gaur egun, sorkuntza-prozesu horiek hasierako fasean daude, eta lanean segituko dute udan beren proiektuak definituz, eta urriaren 2ra arte garatuko dituzte.

Landarte Kultura Zuzendaritza Nagusiak-Vianako Printzea Erakundeko adituek adierazi duten moduan “landa-eremutik sorkuntza garaikidea errazten duen programa baten alde egiten duen apustua da, eta sorkuntza egiteko modua egiten den hori bezain garrantzitsua da”,

Landartek, azken edizioetan bezala, tokiko biztanleen parte-hartzea sustatu nahi du proiektuaren garapen osoan, modu kolektiboan eta horizontalean, edukiak eta diskurtsoa sortzeko. Hori lortzeko, hautatutako herrietan lan eginen dute sortzaileek, herri haiekin elkarreraginez eta bertako jendea eta diskurtsoak mapatuz, tokiko erkidegoaren interesak eta beharrak bilduko dituzten proiektuak elkarlanean garatzeko.

Programaren web-orrialdean herrien eta artisten gaineko informazio guztia jasotzen da.

Exit mobile version