Bertsoak, dantza, ipuinak eta kantua dira Pier Paul Berzaitzek eginiko Laida pilota sorkuntzaren oinarriak. Bihar bertan, Donapaleuko Airetik aretoan aurkeztuko dute Lilia elkartearen eskutik.
Obra horrek pilota eta pilotarien mundua goraipatzen ditu, zazpi istorioren bidez, eta bertan, Pier Paul Berzaitzen zuzendaritzapean, Landarbaso abesbatza, Magali Zubillaga kantaria, Villabonako Oinkari dantza taldea, Xateletarrak dantza konpainia, Joxan Goikoetxea musikaria, Haritz Ezeiza eta Iosune Marin musikariak, Xabier Euzkitze bertsolaria eta Koldo Amestoy ipuin-kontalaria bilduko dira, besteak beste.
“Ba ote da kirolarik pilotak bezainbat jokamolde ezberdin duenik? Askatasuna eta burujabetza bizitzaren ezinbesteko baldintzetarik premiatsuenak dauzkan herriaren baitan sortua izanki, nola onetsiko zuen jokamolde bakar baten lege zorrotz eta aldaezinen menpe gelditzea?”