Laburbiraren XXIII edizioak, Bergaran aurkeztu ostean, bere ibilbideari ekin dio. Urte honetan, martxoaren 1etik 29ra bitartean ibiliko da ekimena herriz herri, zazpi film laburrez osatutako sorta batekin.
Aurtengo edizioan pantailaratuko diren lanak honako hauek dituzue: Olentzerori eskatu nion (Amaia San Sebastian Larzabal), Erreka zoko hortan (Ekaitz Bertiz), Fishy (June Asua Olabarria), A-maniki (Elixabet Nuñez), Geratzen den hori (Aitor Gametxo Zabala), Orain zer? (Aihnoa Urgoitia) eta Hortzikara (Ane Cuesta). 2025ean ekoitzitako euskal film nabarmenenak eskainiko ditu aurtengo edizioko bildumak. Orotara, 80 minutuko film labur sorta ikusgarria, hainbat festibaletan saritutako lanekin osatua.
Gaur, hilak 6, Hondarribiko Kultur Etxean eta Lekeitioko Ikusgarri Aretoan emanaldiak antolatu dira. Eta datorren astean Andoain, Arrasate, Azpeitia, Bilbon, Ordizia, Errenteria, Irun, Ermua, Areatza, Dima, Hendaia, Lezo eta beste herri batzuk bisitatuko ditu ekimenak.
Laburbirak bi helburu nagusi ditu: “euskal zinemagintza hauspotzea batetik, zinemagileei beraien filmak erakusteko aukera emanaz, eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea, bestetik”. Eta bi helburuak sobera bete direnez, euskal zinemagintzaren erakusleiho handi bat bilakatu da ekimena.
Emanaldien agenda hemen kontsultatu ahal duzue.
