Nontzeberri

Laburbiraren XXIII edizioa eta PreFANT bat eginik

Laburbiraren XXIII edizioa martxoaren 1etik 29ra bitartean ibiliko da herriz herri, zazpi film laburrez osatutako sorta batekin.
Aurtengo edizioan pantailaratuko diren lanak honako hauek dituzue: Olentzerori eskatu nion (Amaia San Sebastian Larzabal), Erreka zoko hortan (Ekaitz Bertiz), Fishy (June Asua Olabarria), A-maniki (Elixabet Nuñez), Geratzen den hori (Aitor Gametxo Zabala), Orain zer? (Aihnoa Urgoitia) eta Hortzikara  (Ane Cuesta).
2025ean ekoitzitako euskal film nabarmenenak eskainiko ditu aurtengo edizioko bildumak. Orotara, 80 minutuko film labur sorta ikusgarria, hainbat festibaletan saritutako lanekin osatua.

Gaur, hilak 11, Bilbon, Laburbiraren XXIII edizioak bat egingo du PreFANT ekimenarekin. Hortaz, goian aipaturiko lan horiek Abandoko Udal Zentroan ikusi ahal izango dira, 19:00etatik aurrera.
Olentzerori eskatu nion filmaren egilea den Amaia San Sebastianek parte hartuko du. Proiektu horrek FANT Bilboko 2024ko edizioan euskarazko fantasiazko film laburren ekoizpena bultzatzeko saria lortu zuen.

Laburbirak bi helburu nagusi ditu: “euskal zinemagintza hauspotzea batetik, zinemagileei beraien filmak erakusteko aukera emanaz, eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea, bestetik”.

Emanaldien agenda hemen kontsultatu ahal duzue.

Exit mobile version