Nontzeberri

“Laburbira”, film laburren zirkuituaren hamargarren edizioa

Martxoaren 4tik 29ra, 20 herri bisitatuko ditu Laburbira film laburren zirkuituak. Laburbira, euskarazko ikus-entzunezkoei bultzada bat emateko eta herrietako kultur eskaintza aberasteko ekimena da.

Aurtengo edizioa Erandion hasiko da, martxoaren 4an, eta martxoaren 29ra arte Bizkaian, Araban, Nafarroan eta Gipuzkoako 20 herritan izango da.  Saio bakoitzean, zortzi ikus-entzunezko labur eskainiko dira, 2011n eta 2012an sortutakoak: Beerbug (Ander Mendia), Berriro igo nauzu (Carlos Rodriguez), Desentxufatuak (Bernues anaiak), Deus et machina (Koldo Almandoz), Elkartea (Kote Camacho), Hamaiketakoa (Telmo Esnal), Oinaze egoitzak (Oihan Amezua, Karlos Ibarbia, Netzer Bereziartua, Asier Sustaeta) eta Tortila (Iñigo Lopez). Egileak eta ikusleak elkarrengana hurbiltzeko asmoz, saio batzuetan solasaldia egingo da zuzendariekin, emanaldiaren ondoren.

Aurten ekimenak bere hamar urteak beteko ditu. Hamarkada honetan, ehunka emanaldi izan dira Euskal Herriko hamaika txokotan, baita Euskal Herritik kanpo ere.

Film laburren sinopsiak eta emanaldien egutegia Topagunearen webgunean ikusiko dituzue.

Exit mobile version