DA! PRO kulturgile eta programatzaileen artean sinergiak sortzeko topaketa da, eta euskal kultura bultzatzeko sortu da.
Aurtengoa seigarren edizioa izango da eta azaroaren 26an eta 27an garatuko da. Hortaz, bertan parte hartu nahi duten sortzaileek urriaren18ra bitartean eman ahalko dute izena. Programatzaile eta teknikarientzako epea, aldiz, azaroaren 11n hasiko da.
Zertan da topaketa hori? “Sortzaileek programatzaileen aurrean aurkeztuko dituzte euren lanak. Bakoitzak tarte bat edukiko du, azalpenak emateko zein proiektuaren lagin bat zuzenean erakusteko. Azaroaren 26an familia ikuskizunak plazaratuko dituzte Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan; biharamunean, ostera, musika proposamenen txanda izango da, Plateruena kultur aterpean. Topaketa antolatu ahal izateko zenbait laguntzaile ere batuko dira egitasmora; lehen jardunaldian Berbaro euskara elkartea eta biblioteka izango dira bidelagun, eta bigarrenean Musika Bulegoa. Topaketaren bidez, asmo bi hauspotu gura dituzte antolatzaileek: kulturgileen lana Euskal Herrian zehar hedatzea eta kultur areto eta jaialdien programazioa euskarazko ekitaldiekin elikatzea.”
Iazko edizioan jardunaldi bakoitzean hamabi proposamen aurkeztu zituzten sortzaileek.
Musikarien kasuan, azaroaren 27an izango da topaketa. Izan ere, Amorebieta-Etxanoko Udalak DA! PRO ekimeneko partaideen artean aukeratuko ditu MusikaGaz Fest jaialdirako musika taldeak.
Hemen duzue informazio guztia.