Nontzeberri

Kulturaren arloko pertsona ospetsuen erretratuak

Jose Madrid Santurtunen Ipurtargiak izeneko erakusketa abiatu da Bilboko Berreginen Museoan, urriaren 4ra arte. Bertan, kulturaren arloko pertsona ospetsuen 65 erretratu biltzen dira.

Erakusketak formatu handiko argazkiak biltzen ditu, non idazleak, musikariak, artista plastikoak, kirolariak, pentsalariak eta kulturako profesionalak agertzen diren.
Erretratuak bereziak dira, pertsona guztiak argi txiki sorta batekin agertzen baitira. “Baliabide estetiko soil bihurtu ordez, kulturaren pentsamendua, sormena eta eraldatzeko gaitasuna argitzen duten distirak irudikatzen dituzte argi horiek. Proposamenaren bidez publikoari gonbita luzatzen zaio, batetik, erretratu bakoitzarekin elkarrizketa intimoa izan dezan, eta, bestetik, munduari buruz daukagun begiradaren eraikuntzan figura horiek daukaten rolari buruz hausnartu dezan”.

Hortik dator erakusketaren izenburua, Ipurtargiak, “argia beren barrutik sortzen dutenak”. Ildo horretatik, “erretratatuetan ageri diren pertsonak erreferente gisa aurkezten dira, beren sormen-lanaren eta kulturarekiko konpromisoaren bidez ikuspegi berriak orientatzeko, laguntzeko eta sortzeko gai direnak”.

Erretratatuetan ageri diren pertsonen artean idazleak daude: Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Karmele Jaio, Katixa Agirre, Kirmen Uribe edo Miren Agur Meabe; musikaren arloko Benito Lertxundi, Jabier Muguruza, Maite Arroitajauregi, Maite Larburu edo Ruper Ordorika; arte plastikoetako Mari Puri Herrero, Jesus Mari Lazkano edo Jose Ibarrola, eta arte eszenikoetako Ramon Barea, Maria Goiricelaya edo Eneko Sagardoy. Erakusketak beste esparru batzuetako erreferenteak ere biltzen ditu, hala nola Lucía Lacarra, Igor Yebra, Ricky Dávila, Estela de Castro, José Ángel Iribar, Joane Somarriba, Juan Martínez de Irujo, Juan Luis Arsuaga,…

Erakusketa honi esker Bilboko Berreginen Museoak “udako programazioa indartuko du, sormen garaikidea, erretratua eta hausnarketa soziala uztartzen dituen proposamen batekin”.

Exit mobile version