Nontzeberri

Kultura eta beste hari solte batzuk

Asunto arraroa bizitzaren kontu hau: Andeen ertzean irakiar batekin berba egin behar izan dut aspaldiko susmoen beste botila bat zabaldua izan dakidan. Halaxe esan zidan memoria bonbardeatudun irakiar hark: “Galdetu hamar laguni ia zer den kultura, eta hamar erantzun ezberdin izango dituzu”.

Eta Andeen ertz honetako jendeari begira jarraitu nuen, apur bat gehiago. Eta horra hor betiko susmoa. Hauena da kultura. Ez beste ezer.

Kulturatzat onartzen diren gauza asko, gehienak, ez dira kultura. Kultura, hasteko, ez dira egunkariko orri horiek, musika eta literatura eta antzerkia. Kultura ez delako kontzertu bat, liburu bat. Berbak eurak ez dira kultura. Iturria agian bai, transferentzia-nahi hori agian bai, baina berbak beti dira hedabide, sekula ez helburu. Ruper Ordorika ez da kultura, Ruper Ordorika pertsona bat da, agian (eta sentsibilitatea zabalik badugu), bere kanten bidez kultura bat asimilatzen laguntzen diguten intuizioak (pertsonalak eta kolektiboak) bidaltzen dizkiguna.

Esan behar baita, baita, eta argi gera dadin, kultura ez dela informazioa. Txarto esana dago “lagun kultu bat” dela horrako hori, Kuala Lumpur non dagoen, foxtrot-a noiz eta non sortu zen, ala lehen mundu gerrako datak dakizkielako. Informazioa da hori. Datuak. Eta ez dira ezer, bizitzarako, norbere eta denon bizitzarako, baliagarri ez badira. Baina ez eztabaida baterako, baizik eta hobeto bizitzen ikasteko, ibilkera bera aldatzeko, aniztasunaren muinean batasuna sentitzeko, lurrarekin batuago izateko, agonia existentzialak galdu eta bakea eta sosegua irabazteko. 

Eta ni nago, Andeetan bizi diren hauek, hori dutela. Edo beste gehienek (Buenos Airesekoek ala Donostikoek orokorrean adibidez) baino gehiago bai. Eta ni nago, baita, euskaldunok, errekuperatu (edo guztiz galtzen utzi ezineko) milurteko altxor bat dugula hor harri horrengan, hemen begiongan, edonon gugan.

Kultura delako, agian, bizitzaren sena galdu ez duen giza talde bat. Urrunekora galdu beharrean, eskura eta begira dituen gauzekin pozten eta oso sentitzen dakien giza talde bat. Duda metafisikoek uneoro zulatzen ez dutena. Are gehiago, duda horien erantzunak jakin baino, galdera horien zentzu gabezia, desenfokea, sentitzen dituena. Kultura delako ere bai, hain umeki logikoa dirudien jokaera: bizia ematen didan lurra zaindu eta eskerrak eman, etengabean hautsi beharrean.

Munduaren haustura kulturarik gabeko gizarteen eskutik dator. Hau honela da eta puntu. Eta kultura litzateke, gurea hautsi guran jaisten den besoa ebatzea eta, beharrezkoa balitz, moztea. Ala ba.


Exit mobile version