Kultura Kalez Kale programaren barruan, berrehun jarduera inguru antolatuko dira maiatzean eta ekainean Bilboko auzoetan. Musika eta dantza emanaldiak, bertsolariak, zinema, hitzaldiak, erakusketak, ipuin-kontalariak, magia, antzerkia, zirkua, tailerrak eta bestelako ekitaldiak bilduko ditu egitasmo honek.
Ekimen berritzaileez gain, hiriko kultur agendan erabat errotuta dauden jarduerak ere aurki daitezke, hala nola, Dantza Plazetan, Musika Dibertigarria Da, Expodistrito, Otxarkoaga-Txurdinagako Magia Topaketak, Errekaldeko Zirku Jaialdia edota Udaberriko Bertso Saioak.
Baina Kultura Kalez Kaleren aurtengo edizioan nabarmendu beharreko beste jarduera batzuk ere badaude, hala nola, Zorrotzako Clown Jaialdia, kaleko musika-banden Musikauzo izeneko kalejirak, edota Arangoitiko Euskal Jaia, beste hainbat ekitaldiren artean.
Egitarau potoloa ikusi nahi baduzue, Kulturabarrutik webgunean begiratzea duzue onena.