Iruñeko Ziudadelako Mistoen eraikinean, eta otsailaren 12ra arte, Oaia Peruarenaren Sustantzia izeneko erakusketa ikusgai egongo da.
Oaia Peruarenaren obren ezaugarriak kromatismoa, abstrakzioa eta konposizioa dira. Erakusketaren katalogoan artistak hala deskribatzen du: “hasiera batean marrazketan, kolorearen ulermenean eta konposizioan sakontzea izan zen nire interesa; ondoren, hizkuntza propio bat, identitate bat, bilatzea”.
Egileak miresten zituen pinturak ikustean, komunean zituzten ezaugarri eta berezko identitate bat deskubritu zituen: substantzia.
Bere obrak, -batzuk bi metro ingurukoak eta beste batzuk, paperezkoak, formatu txikiagokoak-, mihisean, paperean edo artisau-paperean egindakoak dira.
Oaia Peruarena (Irun, 1972) Beran bizi da. Lehengo pintura eskolak Ignacio Larramendiren eskutik jaso zituen. 17 urterekin ikasketak utzi zituen eta altzariak polikromatzeko eskoletan parte hartu zuen. Gero ere, pintura eskolak jaso zituen Iñaki Álvarezen, Maite Unzurrunzagaren, Tomas Sobrinoren eta Jose Mari Apezetxearen eskutik. Hasieran, pintore inpresionisten eta posinpresionisten begiradetatik –Van Gogh, Monet eta Cézanne kasu– hartu zuen inspirazioa, baina geroago Esteban Vicente pintore segoviarraren obrarekin topatu zen, eta, orduan, abstrakzioarekiko interesa piztu zitzaion.
Bere lana hainbat bilduma pribatutan dago, Frantzian, Alemanian, Ingalaterran, Australian, Estatu Batuetan… bai eta hainbat entitate publikotan ere, hala nola San Telmo museoan eta Gipuzkoako Foru Aldundian.