Donostiako Kresala eta Bilboko FAS zineklubek bi hitzordu interesgarri prestatu dituzte asteon. Lehenengoak David Aguilar zinegile espainiarraren Nao Yik lana proiektatuko du gaur 19:30ean Kutxa Arrasate Kultur Aretoa; bigarrenak, berriz, Evan Glodell estatubatuarraren Bellflower. Bilboko emanaldia bihar izango da El Carmen aretoan 19:45ean eta FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoarekin elkarlanean atondu dute.
Kresala zineklubak gaur erakutsiko duen Nao Yik dokumentalak Frances Wilkinson ingelesaren bizitza kontatzen du. Wilkinson Txinan bizi izan zen 40ko eta 50eko hamarkadetan eta emakume horrek idatzitako gutunak oinarri hartuta, ekialdeko herrialde horretara itzuliko da. Itzulera bidaia hori da, hain zuzen ere, filmaren ardatza.
FAS zineklubak bihar proiektatuko duen filma, aldiz, genero fantastikoko lana da. Bellflower, baina, ez da ohiko filma, Mad Max-en eta John Hughes zuzendari eta ekoizlearen filmen arteko uztarketa bitxia. Desertua, su-jaurtigailuak, garrak eta autoak dira filmaren elementu batzuk. Sundace zine independentearen jaialdi ospetsuaren 2011. urteko sekzio ofizialean lehiatu zen.