Dantzaren XIX. Zirkuituak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Sarearen bidez antolatzen duen ekimenak, lau hitzordu proposatuko ditu iraileko lehenengo hamabostaldirako. Lehena hilaren 9an izango da, eta Kresala Dantza Taldeak Hitaz Orhoit lana eskainiko du Sopelan.
Lan horrek ikusezin bihurtutako memoriak ditu hizpide, “emakumeen memoriak batez ere, haiek baitira ikuskizunaren protagonista. Era berean, aurrera egiteko ilusioari eta itxaropenari buruzko lana ere bada. Aurreko mendeko 20ko eta 30eko hamarkadetan dago girotuta, eta piezak garai hartara bidaiatzen du fisikoki, gerraz hitz egiteko. Finean, orduan ikusi ez zena eta oraindik ezkutuan dagoena argitara ateratzea da asmoa, atzean dagoen indarkeria guztia agerian uztea, eskubide zibilen urraketa eta emakumeen bortxaketak barne. Gainera, ikuskizunak elkarbizitzaren eta giza eskubideen aldeko katarsi positiboa eragin nahi du.”
Kresala Dantza Taldea 1968an sortu zen Donostian, Gene Yurreren zuzendaritzapean. Mundu tradizionalean inspiratuta, dantza-antzerki original eta askotarikoa egin du taldeak, dramaturgia eta mugimenduaren kalitatea lehenetsita. Bere lan azpimarragarrienak: Hostoak (1996), Soka (1998), Bestaberri (2000), Marixe (2002), Sehaska (2006), Buba eta Bubu (2011), Oteizaren kaxa beltza (2014), Zeruko (2017) eta Ikonografiak (2019).