Nontzeberri

“Korapiloak deskorapilatzen” itzulpen-lantegia

Euskaratik beste hizkuntzetarako literatur itzulpengintza sustatzeko ahaleginari jarraituz, aurten ere itzulpen-lantegia antolatu du EIZIEk, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz. Okasio honetarako, Juan Kruz Igerabideren literatur testuak izango dira protagonista Korapiloak deskorapilatzen izenburupean. Lantegia Donostiako Carlos Santamaria Zentroan izango da irailaren 26an eta 27an.

Aurrekoetan bezala, idazlearen lanak itzuliko dira. Aritz Brantonek itzuliko ditu ingelesera, eta Monika Czernyk, berriz, polonierara, eta Elizabete Manterolak koordinatuko du tailerra.
Ondoren, irailaren 30ean, Itzultzaileen Nazioarteko Eguna denez, jardun horren emaitza erakutsiko dute Koldo Mitxelena Kulturunean, eta horretarako irakurraldi hirueleduna eskainiko da.

Honek guztiak Polonian izango du jarraipena, hantxe euskal literaturak tartea izango baitu Wroclaweko International Short Story Festival jaialdian. Haraino  Juan Kruz Igerabide, Monika Czerny eta Elizabete Manterola joango dira.

Juan Kruz Igerabide (Aduna). Euskal Filologiako doktorea, Euskaltzaindiako urgazlea, EHUko Euskara Zerbitzuan dihardu lanean. Sorkuntzako alorrean, berriz, helduentzako hainbat lan egin baditu ere, bai poesia, bai narratiba, edota aforismoak jorratzen, emaitza oparoena haur eta gazte literaturan eman du.

Exit mobile version