Nontzeberri

Koplariak koplatan

Asteazken honetan, abenduak 23, Bilboko Campos Eliseos antzokian, Korrontzi taldeak Koplariak izeneko lana aurkeztuko du.

Korrontzik, musika tradizionala garaikidearekin uztartzen dituen talde ezagunak, Koplariak izeneko bere azken lana aurkeztuko du Euskal Herri osotik etorritako dantzari eta musikariek parte hartuko duten gala berezi batean, non taldeak urtero eskaintzen duen kontzertu benefikoaren laugarren edizioa ospatuko duen. Korrontziren hamargarren disko honetan, Xabier Amuriza bertsolari ezagunak idatzitako hitzei musika jarri die.

Aurten, bertsoaren inguruan Iruñean antolatzen den Bertsoaroa jardunaldietan, Agus Barandiaranek eta Xabier Amurizak Koplariak Koplari hitzaldi musikatua egin zuten. Xabier Amurizak batu eta sortu ditu makina bat kopla azken hamarkadetan eta horiek erabili zituen saioa osatzeko, eta bide batez, entzuleriari kopla zahar eta berrien azalpena eta herri musikan izan duten eragina erakusteko. Agus Barandiaran (Korrontzi) bidelagun hartuta, bere trikitiaren bidez, musika jarri zien kopla hauei eta partaide biak kantuan entzuteko aukera galanta ere egon zen.

Orain, egindako lana, Bilboko Campos Antzokian erakusteko ikuskizun berezia prestatu dute, bertan dantza tradizionaletan oinarritutako koreografia ikusgarriak, Korrontzik sortutako doinu berriak eta musikari handiren kolaborazioak ere ikusiko dira.

Ikuskizun honetatik jasotako etekinak ataxia telangiectasiak jotako haurrak laguntzen dituen Aitzina-aefat GKEari eta gaixotasun honen ikerkuntzari bideratuko zaizkio.

Exit mobile version