Ostegunarekin batera, hainbat kontzerturen berri izaten dugu gurean. Hasteko, gaur bertan bi kontzertu izango dira Donostiako Doka antzokian eta Gasteizko Gora tabernan.
Lehenengoan, La Pegatina eta Baciamolemani taldeak izango dira. Kataluniako La Pegatina rumba taldeak Xapomelon (2011, Kasba Music) disko berriko kantuak aurkeztuko ditu. Italiako Baciamolemani orkestra tropikalak, berriz, L’Albero delle Seppie (2012, Kasba Music) lan berriko abestiak eskainiko ditu.
Gasteizko Gora tabernan berriz, Countach eta Bicivoladores bikoteek joko dute. Biak ala biak bateria eta gitarra jotzaileekin osaturiko bikoteak dira eta inprobisaziotik abiatzen dira haien emanaldietan. Arabako hiriburuko underground eszenan talde ezagunak dira eta aspalditik ari dira taberna zuloak kiskaltzen.
Biharko emanaldiei dagokienez, Oñatiko Gaztelekuan The Crack eta Golpe de Estado punk taldeek joko dute. Lehenengoan Britainia Handitik datoz eta 70eko hamarkadan hasi ziren glam doinuak entzuten, 80ko urteetan Oi! mugimenduan murgiltzeko. Egun lantzean behin batzen dira kontzertu batzuk egiteko. Ingelesekin batera Oñatiko Golpe de Estado punk taldea izango da kantu berriak aurkezten.
Bihar, halaber, kontzertu interesgarria izango da Donostiako Le Bukowski tabernan: Sonny and the Sunsets eta Screamin’ Targets. Lehenengoak AEBetatik datoz eta pop rock dotorea jorratzen dute; bigarrenak, berriz, donostiarrak dira eta maisuak dira power pop-a, new wave-a eta rockabillya uztartzen.
Donostian, gainera, bihar bigarren kontzertu interesgarri bat izango da Doka antzokian: Joe La Reina eta Siete C. Iruñeko Joe La Reina taldeak estreinako diskoko doinuak aurkeztuko ditu. Indie-folk musika jorratzen du. Bestalde, Donostiako Siete C taldeak Familia lehendabiziko diskoko pop-folk kantuak joko ditu.
Amaitzeko, eta Doka antzokian jarraituz, larunbatean, martxoak 3, Neuman eta Andrakan taldeek joko dute. Aurrekoak Murtziakoak dira eta post-rockaren esparruan mugitzen dira; bigarrenak, aldiz, gipuzkoarrak dira eta folk eta pop estiloak jorratzen dituzte.
