Ane Zubeldia Magriñá idazleak Kontra izeneko poema liburua argitaratu du Susa argitaletxearekin.
Argitaletxeak berak honela deskribatu idazlearen lana: “Ezinbestekoak dira grabitatea eta zorua / biguntzeko haien kontra”. Talkaren ordez, frikzioa. Zartaren ordez, igurtzia. Hainbeste gauzaren kontra dagoela esatetik, sekula ukituko ez dituen azalerez jabetzera egiten du liburu honetako ahots poetikoak. Uraren temaz, behin eta berriro itzultzen den paisaia du jomugan, munduaren marruskadura, genealogia, buztinezko gorputz bat, esan nahiko lituzkeen guztien bila. Eskuz ukitu ezin dena, hitzez haztatu nahiko balu bezala. Mirari txikiez jabetzea, geldi-geldi egonda, edo dantza betean, ingurua izendatuz, agurtuz, gerorako lur bat malgutuz.
Beti eman dakioke
pixka bat gehiago lurrari.
Ezinbestekoak dira grabitatea eta zorua
biguntzeko haien kontra,
men egiteko
eraiki artean zerbait
norbere sedimentu guztiez
[hezur haragi azal]
geruza bakoitzak
[haragi azal hezur]
gordetzen du
[azal hezur haragi]
egitura bat
kontra egonda ere
biguntzeko
gorputz dugun
mundo
txiki
hau.