Nontzeberri

“Konpromisoa” komedia dibertigarria, Arriaga Antzokian

Joseba Apaolaza, Ramon Agirre eta Zuhaitz Gurrutxagak Konpromisoa antzeztuko dute, gaur berton, hilak 4, Bilboko Arriaga Antzokian, 19:00etatik aurrera. Begoña Bilbao Lejarzegiren zuzendaritzapean, hiru komedianteak Philippe Claudelen Konpromisoa komedia dibertigarria oholtzaratuko dute.

Joseba Apaolaza, Ramon Agirre eta Zuhaitz Gurrutxaga aktore ezagunen eskutik pieza sano dibertigarria ikusteko parada egongo da.  Oholtzan bi lagun ikusiko ditugu, aspaldiko bi lagun. Tomas sasi autore bat da eta German, bere lanbidean arrakasta handirik gabeko aktorea. Germanek arazo ekonomikoak ditu eta bere apartamentua saldu beharra du, bai ala bai. Pisua erosi nahi duen batekin tratua egiteko geratu da eta bere lagun Tomasi etortzeko eskatu dio. Izan ere, bere idazkiak maila eskasekoak izan arren, bere aurpegiak konfiantza inspiratzen baitu. Bere dohainik handiena da.
Eroslearen zain daude. Eroslea da edo engainatuko duten inuzentea? Itxaroten ari direla, denak normala dirudi, baina bat-batean lagunak liskarrean hasten dira eta aspalditik gordeta zituzten gaitzespenak ateratzen dira. Erosleak amore ematen ez duten bi lagunen arteko kontu-garbiketa ikusten du. Zein izango da bere egitekoa? Ikusle hutsa izatea? Arbitroa izatea? Edo are okerrago, konplot baten biktima izatea?

Exit mobile version