Nontzeberri

Komisariotza eta ekoizpen artistikoen esku-hartzeak proposatzeko deialdia zabaldu dute Araban

Eskualdea 2019, Araban esku-hartze artistikoak egiteko programak lau proiektu hautatzeko lehiaketaren deialdia egin du.

Artium Fundazioak eta Arabako Foru Aldundiak komisariotza  proiektu bat eta ekoizpen artistikoko beste hiru esku-hartze sustatu nahi ditu deialdi publiko honen bitartez.

Komisariotza-programak 30.000 euro jasoko ditu, eta ekoizpen artistikoko bakoitzak 6.000 euro, proiektuak gauzatu ahal izateko. Parte hartu nahi duenak, izena emateko eta proposamenak aurkezteko uztailaren 5era arte izango du aukera.

Eskualdea programaren xedea, bertako testuinguru artistikoa garatzen laguntzea, sorkuntza garaikidea gizartera gerturatzea eta proposamen berritzaile, esperimental eta eraginkorren bitartez, landa-hiriaren arteko harremanaren inguruan gogoeta egitea da. Era honetan, Artziniegako Museo Etnografikoa, Izkiko Parke Naturala, Gatz Arana eta Aguraingo ZabalArte aretoa dira proiektuak garatzeko proposatutako eremuetako batzuk.

Arabako Kulturaren Plan Estrategikoaren eta Garapen Iraunkorrerako Helburuetan adierazitako erronka globalen barruan dago deialdia, eta “zeharkako ikuspegi batetik, artearen eta kulturaren ahalmen eraldatzaileak nabarmentzea planteatzen du, baita lurralde desorekaren, jende-gabetzearen, berrikuntzaren, kultur-eskaera sustatzearen, parte-hartzearen, genero-berdintasunaren, ingurumenaren eta kultur identitatearen haritik ere”, azpimarratzen dute antolatzaileek.

Deialdiaren oinarriak eta  informazio guztia Artium Museoaren webgunean daude argitaratuta.

Exit mobile version