Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak antolatuta, eta Tabakalera, Donostia Kultura eta Kutxa Kultur-en laguntzarekin, Komikilabearen bigarren edizioa azaroaren 8tik 13ra izango da. Ekimenak “pultsua hartu nahi dio komikiaren eta nobela grafikoaren egoerari”.
Egun hauetako programazioaren barruan aurkezpenak, tailerrak, proiekzioak, hitzaldiak, erakusketak, PechaKucha formatuko mahai ingurua, eta jarduera gastronomiko bat ere topa daitezke. Ekitaldi horietan guztietan Darío Adanti, Mai Egurza, Mauro Entrialgo, Sarah Glidden, Conxita Herrero, Mamen Moreu, Roger Mainwood eta Sara Morantek parte hartuko dute.
Komikilabea abian jarriko da ofizialki azaroaren 9an, osteguna, Komikigunean. Egun horretan hasiera emango zaio Euskal Komikia Donostian ibilbideari. Ibilbide berezi bat atondu da Donostian zehar, “euskal komikiarekin zerikusia duten kaleetan geldialdia eginez”, Unai Gaztelumendi bertsolariaren eta Ainara Azpiazu eta Joseba Larratxe Josevisky margolarien laguntzarekin.
Datozen egunotan omenaldi bat eskainiko zaio Jiro Taniguchi-ri; GRRRL! Zirriborro Festa ere programatu da; film emanaldiak izango dira, eta abar.
Programazio osoa ikusi nahi baduzue: Komikilabea