Nontzeberri

Kolkata hiriko miseria Javier Arcenillasen argazkietan

Javier Arcenillasek (Madrid, 1973) Sleepers izeneko argazki erakusketa inauguratuko du bihar, ekainak 1, Elgoibarko Kultur Etxean. Indiako Kolkata hirian 2009 eta 2010 urteetan eginiko argazkiak izango dira, eta bertan kaleetako miseria eta pobrezia agertzen dira gordin. Erakusketa zabalik egongo da ekainaren 16a bitarte.

Arcenillas eskarmentu handiko argazki-kazetaria da eta munduko makina bat tokitan izan da. Bihar Elgoibarren inauguratuko duten erakusketan, hain zuzen ere, Indian eginiko argazkiak ikusi ahalko dira.

Argazkilariaren hitzetan, “Kolkatako hirietan ukiezinak gauero lo ikusteak hunkitu eta beldurtu egiten du. Indiako hiri honetako biztanleriaren herena kaleetan bizi da eta egunero giza olde batek betetzen ditu kantoi, ertz zein asfaltoa, familiak gau hotzean, zoru bustian, arratoi bele eta zakarrekin batera”.

Hala, irudietan espaloietan biltzen den miseria eta txirotasuna ageri da. “Oinez zoazela, bebarru, espaloi, plataforma edo eskilaretako hutsune bakanak betetzen dituzten gorputz etzanak aurkituko dituzu”.

Izan ere, etxebizitzarik ez edukitzearen drama egunero islatzen da Asiako hiri handietan. “Familiek, oso osorik hartzen dute lekua elkarrekin zoru gogor eta hotzetan nora joan hoberik ez dutelako. Etxebizitzen jabetza gabeziak eta erabateko txirotasunak dakar kalean lo egitea ohikoa izatea gaueko paisaian”.

Exit mobile version