Josu Muniozguren Bilbo Zaharra Euskaltegiko zuzendariak, Sabin Anuzita Bilboko Udaleko Euskara Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak, Pello Ugalde Laboral Kutxako Eskualde Zuzendariak eta Javier Monasterio Gabriel Aresti Fundazioko presidenteak, Klasikoen VII. irakurketa egitasmoaren barruan, Gabriel Arestiren Harri eta Herri lanaren irakurraldi etenik gabearen aurkezpena egin dute gaur goizean, Bilboko Udaletxean.
Obra horrek, aurten 50 urte betetzen ditu, eta hori izan da hain zuzen ere, lan hau aukeratzeko arrazoietako bat, eta bestetik, Gabriel Arestiren Harri eta Herri (1964) euskal poesiaren historian liburu iraultzailea izan zelako.
Urtero, Bilbo Zaharra euskaltegiak, euskaltegiko ikasleek urtean zehar euskara ikasteko eta berenganatzeko egiten duten ahalegina saritzeko eta omentzeko, Klasikoen Irakurraldia antolatzen du Arriagan Antzokian.
Aurten ere berdin egingo du maiatzaren 22an, eta toki berean, Arriagan Antzokian, Gabriel Arestiren Harri eta Herri irakurriz.
400 lagunek zazpi aldiz irakurriko dute Arestiren obra hori, goizeko 08:00etan hasita eta etenik gabe 20:00etara bitartean. Mikel Martinez aktoreak ekingo dio goizeko lehen ordu horretan, Eskaintza atala irakurtzeari, eta geroko minutuetan eta orduetan, euskaltegiko ikasleak ez ezik, Bilboko Udalbatzako kideek, euskaltzainek, hedabideetako ordezkariek, sindikalistek, Bilboko ikastetxeetako ikasle eta irakasleek, ostalariek, Gotzaingoaren ordezkariek, eta ekonomista, abokatu eta ingeniarien eskola profesionaletako ordezkariek eta kultura munduko eragile anitzek ere irakurriko dute pasarteren bat.
Aurreko urteetan bezala, mundu osoko 15 Euskal Etxek ere parte hartuko dute irakurraldi honetan.
Maiatzaren 20tik 23ra, Harri eta Herrik 50 Urte programaren baitan, hainbat ekimen ere atondu dira, Arriagan jarriko den karpa handi batean. Hala, maiatzaren 20an, 19:00etan, Harri eta Herri erakusketaren inaugurazioa izango da. Horren ostean, 19:15ean Gabrielen lekua sentikaria eskainiko da.
Asteazkenean, maiatzak 21, 10:00etan, Klasikoengana hurbiltzeko Literatur Tailerra zuzenduko du Yolanda Arrietak. Egun horretako protagonista Bernardo Atxaga izango da. Idazleak eskainiko duen hitzaldian, Arestiri buruzko pasadizoak eta bizipenak izango ditu mintzagai.
Eta ostegunean, maiatzaren 22an, diogun bezala, Klasikoen VII. irakurketa jarraitua abiatuko da goizeko 08:00etatik aurrera.
