Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurketa Jarraituaren XVII. edizioaren protagonista nagusia Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao eleberria izango da. Irakurraldia Arriaga Antzokian egingo da, ekainaren 6an, 8:00etatik 14:00etara.
Bilbao-New York-Bilbao eleberria hautatzeko orduan “Bilbo Zaharra euskaltegiak aldarrikatu gura du euskal idazleak nazioartean ere badaudela, eta haien lanak hizkuntza askotan irakurtzen direla gaur egun. Kirmen Uriberen eleberri hau 13 hizkuntzatara itzuli da”.
Hortaz, lan honen lehenengo lerroak egileak berak irakurri ondoren, 200 bat lagunek, txandaka, liburua irakurriko dute goizean zehar Arriagako foyerrean jarritako mikrofonoaren aurrean. Betiko legez, euskal gizarteko ordezkariek (kultur eta gizarte eragileek, ikasle eta irakasleek, erakundeetako, elkarteetako eta sindikatuetako ordezkariek) parte hartuko dute.
Ekitaldia zuzenean ikusi ahalko da Arriagako plazan jarritako pantaila erraldoi batean eta EITBren web-gunean.
Irakurraldiaren eguna heldu baino lehen, gaur berton, Forum Bilbo Zaharra hitzaldiak abiatuko dira. Bi egunetan izango dira, Euskaltzaindiaren egoitzan, 19:00etan hasita. Gaurko saioan Mari Jose Olaziregiren Memoria historikoa Kirmen Uriberen lanetan hitzaldia programatu da, eta bihar, eta Kirmen Uribek berak Nondik datoz istorioak izeneko hitzaldia egingo du.
