Susa argitaletxeak, udaberriko uztaren ostean (Iñigo Astizen Baita hondakinak ere; Harkaitz Zubiriren Etxekalte; Yoseba Peñaren Hodeien adorea; Itxaro Bordaren Boga boga), lau liburu berri argitaratuko ditu udazkenean.
Hala, Bertol Arrietak Alter Ero ipuin liburua kaleratu eta urriaren 3an aurkeztuko du. Hedoi Etxartek oraindik izenburua zehaztu gabe badu ere, poesia lan berri bat ekarriko du azaroan.
Nobela bik ere ikusiko dute argia urrian eta azaroan, hurrenez hurren.
Mikel Antzak Atzerri lana idatzi du, eta Kirmen Uribek, oraindik titulurik ez duen lan berri batekin dator, zeina azaroan aurkeztuko den.
Antzak honakoak kontatuko dizkigu bere orriotan: Idazle batek beste bati kartzelatik ihes egiten lagundu dionez geroztik atzerrian bizi da, lanbiderik gabe, herritik urrun, lehen hain jori sortzen zitzaizkion istorioak asmatzeko ezindurik. Zalantzez estututa dabil: gerraren erdian nola jarraitu idazten, zertaz idatzi beste batzuek dena ematen diharduten artean?; nori esango dio literatura borroka egiteko tresna bat dela, berak ere hori sinesten ez badu? Beraz, bere bizitza noratuko duen erabakia hartu beharko du: idatzi edo borrokan jarraitu. Badaki, ezkutuko borrokan sartzen dena ez dagoela lore-jokotarako, ez dagoela barne-azterketa askotarako. Hurrengo hitzordu klandestinora doanak badaki azkena izan daitekeela.
Beste aldetik, Kirmen Uribek Gerra Zibilaren inguruko trama bat hartu du hizpide. 1937ko maiatzean milaka haur atera ziren Santurtziko portutik erbestera. Horien artean Carmen, zortzi urteko neskatoa. Ganten, Flandesen, idazle baten etxean hartuko du babesa. Idazlearen bizitza erabat aldatuko da neska ezagututa. Elkartasuna, engaiamendua, maitasuna, oroimena eta behin hartutako erabakien atzeraezintasuna jorratzen ditu Kirmen Uriberen nobela berriak, Gerra Zibila eta II Mundu Gerran abiatu eta gaur egun arte eramango gaituen kontakizuna.