Nontzeberri

Killerkume, eguzki-bainu industrial eta askea

Killerkume bikote bilbotarrak Industrial Sunbath izenburuko lana plazaratu berri du Gaffer Records (Suedia) eta Euskal Herriko DDT Banaketak, Cosmic Tentacles eta Politburó Recording Fiasco diskoetxeen babesarekin.  Joxean Rivas (perkusioa) eta Mikel Vega (gitarra) bikoteak osatzen duen proiektu instrumentala Euskal Herriko proposamen originaletakoa da. Erritmo angeluarretatik hasita, jazz kutsuko tarte aske eta zaratatsuetara iristen dira, gitarra arantzadunak eta bateria bihurriak erabiliz. Orain arte plazaratu duten lanik ausartena da.

Antton Iturbe kazetariaren aburuz, “Killerkume entzuteak aldez aurretiko jarrera eskatzen du, sekulako saria jasotzeko. Bertako edo nonahiko oso talde gutxi dira beren artearen hain jabe, apartak, hain dira imitaezinak eta ezinbestekoak!”.

Hala, Killerkumek nahi duena egiten du. Rock eskemetatik inoiz baino gehiago urrunduz, zaratan jarduten duen musikari jazz zale baten gisara dihardu bikoteak, askatasun osoz, inprobisatzen, ehundurak eraikitzen, giroak sortzen… Batzuetan badirudi doinua galdu egingo dela, haustear dagoela, baina ustezko ordenik gabeko zurrunbilo horretan denak hartzen du zentzua, eta pieza borobiltzen dute. Soinu-magia balitz bezala.

Billy Bao musikariaren proposamenekin aldera daiteke bikotearen egitasmoa, baina euren jarioa aberatsagoa da, ez hain zaratatsua, iradokitzeko ahalmen handiagoa du; esaterako, apenas distortsiorik gabeko Harrapakina edo Cheated By Kepler (Impro track) girotzailea. Billy Bao-ko Mattin musikariarekin, hain justu, lan berri bat grabatu dute, laster argitaratuko dena. Bigarren inprobisazio-lan bat ere prest dute kaleratzeko. Horretaz gainera, Joxean Rivas (perkusioa) eta Mikel Vega (gitarra) Orbain unit free-jazz proiektuan ere parte hartzen dute, Akauzazteko kideekin batera, besteak beste.

Industrial Sunbath lanaren harira, Madrilgo Brazil estudioan grabatu zen, Javier Ortiz teknikariaren zuzendaritzapean. Masterizazioa, berriz, JJ Goldenek egin du Kalifornian. Golden eskarmentu handiko teknikaria da, Sonic Youth, Neurosis edo Calexico taldeekin aritu da, besteak beste.

Laster, zure herriko txoko ilunen batean ikusiko dituzu hormak birrintzen. Informazio gehiago: killerkume.bandcamp.com.

Exit mobile version