LITERATURA

Kilker bat autopistan

Gaur,  Iruñeko Nafarroako liburutegian Bernardo Atxagaren Kilker bat autopistan liburuaren aurkezpena egin du Pamiela argitaletxeak. Bertan, Bernardo Atxaga eta Aingeru Epaltza bildu dira.

Maite Artolak zuzendutako Faktoria irratsaiorako prestatutako gogoetak jaso dira liburu horretan, 2016ko udazkenean hasi eta 2020ko udara arte mikrofonoaren aurrean adierazitakoak. Irratirako pentsatuak izan zirenez, ahozkoaren kutsua dute, baina pausoz pauso garatutako saiakera baten gisa aurkezten dira hemen, egileak berridatzita eta osatuta.

“Kilker bat bezala paratu beharra dago autopistako zangan, inork entzuten edo ulertzen ez duen mezu batekin apika, jendearen bizitza ziztu bizian doan artean. Kilkerra. Baina kilker honek gaineko hego gogortuak igurtziz egiten duen hots zolia ez da beti-batekoa. Kilkerra ikuslea eta lekukoa da, memoriaduna eta pentsamenduduna. Ez da kilker bat: gogo kritikoa da”.

Joseba Sarrionandiak honakoa esan du lan horri buruz: “Zaratak estaltzen duen hotsaren bila jo genuen Atxagarengana […]. Behar zuen A-8ak kilkerraren hotsa.”

Aipaturikoaren aurretik, Bernardo Atxagaren azken lana Etxeak eta hilobiak (2019) izan da. Aspalditik plazaratuak ditu makina bat lan eder. Bere obra hogeita hamalau hizkuntzatara itzulita dago, eta Espainiako Letren Sari Nazionala jaso zuen 2019an bere obra osoagatik. Euskaltzaina da 2006. urteaz geroztik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button