Betiko lez, Getxoko 42. Jazzaldiak irekiko aurtengo Euskal Herriko jazz jaialdien zirkuitua, uda aldera. Getxoko Jazzaldia, hain justu, uztailaren 4tik 8ra egingo da. Antolatzaileek Getxon izango diren bi artista garrantzitsuren izenak iragarri dituzte dagoeneko: jazz garaikidearen ikur Kenny Garret (1960, Detroit) saxo-jotzailea eta jazzaren eta flamenkoaren arteko fusioaren maisu Chano Dominguez (1960, Cadiz) piano-jotzailea. Kontzertuok Algortako Biotz Alai plazan izango dira.
Jazzaldiaren antolatzaileen aburuz, Kenny Garret “Miles Davisen azken garai musikaleko oinordekoa da”. Gazte hasi zen saxoa, klarinetea eta txirula jotzen, eta 1970eko hamarkadan Duke Ellington Orkestran aritu zen. New York hirira joan, eta 1984an kaleratu Introducing Kenny Garrett izenburuko lana plazaratu zuen, saxo-jotzaileak gidatutako estreinakoa. Harrezkeroztik, 20 bat grabazio inguru argitaratu ditu, azkena Do Your Dance (2016), “melodia dantzagarriak, solo jatorrak eta groove erritmoak uztartzen dituena”. Getxon, uztailaren 5ean arituko da: Garrett (saxoak), Vernel Brown (pianoa), Corcoran Holt (baxua), Marcus Baylor (bateria) eta Rudy Birdekin (perkusioa).
Chano Domínguez, berriz, jazz-flamenkoan aditua da. 18 urterekin Cai banda ezaguna eratu zuen, eta gero, Hixcadix. 1992an, bere hirukote propioa ondu zuen, Javier Colina eta Guillermo Mc Gill musikariekin, “eta flamenkoaren formak jazzarekin nahasten hasi zen”. Fernando Trueba zinegile espainiarraren Calle 54 egitasmoan parte hartu zuen, eta orain, 40 urteko musika-ibilbidea bete duenean, proiektu hura berreskuratu du. Hala, Calle 54 sextet proiektua eratu du. Seikotea uztailaren 7an izango da Getxon: Chano Dominguez (pianoa), Javier Colina (kontrabaxua), Guillermo Mc Gill (bateria), Blas Cordoba (kantua), Ismael Suarez Piraña (perkusioa) eta Tomasitorekin (gitarra) .
