Nora Aurrekoetxea eta Laura Ruiz artistek Katalepsis erakusketa paratu dute BilbaoArten. Azaroaren 18ra arte irekita egongo da “gatazka ezberdinen arteko bidaia baten ondorioz eta paradigma berri baten esperoan sortutako fantasmak bilatzeko” helburua duen ekoizpen propioko erakusketa.
Katalepsis erakusketa hau Si Vis Pacem Para Bellum proiektuaren parte bat da, eta bertan, “testuinguru gatazkatsuetan sorturiko sinbolo, iruditeri, borroka eta erresistentzia moldeak berkonfiguratzen dira”.
Nora Aurrekoetxea eta Laura Ruiz Sáenz Euskal Herriko Arte lizentziatuak dira eta euren lanetan identitateen eraikuntza, lurraldetasuna, memoria historikoa eta gatazketan murgilduta dauden testuinguruetako iruditeri kolektiboarekin lan egiten dute. Nora OKELA sormen lantegiko kidea da eta kultur kudeaketa lanak egiten ditu. Laura bertako artista sarearen parte da.
Aurten Atenaseko Y residency arte erresidentzian izan dira Bizkaiko Foru Aldundiaren Arte sorkuntzarako bekari esker. Laster barru, Barriek programaren baitan, Errekalde aretoan izango duten erakusketa prestatzen ari dira.
Gaur berton, eta 17an ere, 19:30ean, Iratxe Urquizak hiru interbentzio egingo ditu slackline baten gainean. Bere esku-hartzea inguruan dituen piezekin sortu daitezkeen harreman posibleak aztertzea du helburu.