Baztango Kaskezur taldeak Azpisugeak (Mukuru Records) izenburuko lana aurkeztuko du larunbatean Azkoitiko Matadeixen, 22:30etik aurrera, Inoren Ero Ni taldearekin batera.
Azpisugeak diskoak hamar kantu biltzen ditu, distortsio handiko gitarrekin ondutako pop zaratatsuaren esparruan iltzatutakoak, 1990eko hamarkadako indie-pop oihartzunak haizatzen dituztenak.
Grabazio hori iazko onenen artean kokatu da. Inaxio Esnaola musika kritikariaren (Berria) arabera, “duela lau urte gertatu bezala, euskarazko rock disko onena argitaratu du Kaskezur talde nafarrak. Badirudi laugarren lana ez dela oharkabean pasatu, zorionez. Laukotea berritu arren, Iñigo Iturriak eta Ion Mindegiak berretsi dute zein sortzaile finak diren. Gitarra jotzeko eta kantatzeko ere bai. Lore sorta eta Azpisugeak kantuak ez dira klasiko bihurtuko, ez dira karaokeetara iritsiko, baina hain dira ederrak. Diskoa bezainbeste”.
Ondokoa gehitu du Julen Azpitarte musika kritikariak (Berria): “1990eko hamarkadako indie-rock-etik edaten duen grabazioa da, gitarra zaratatsuekin eta melodia sendoekin josia, Ibai Gogortzak (Borrokan eta Joseba Irazoki eta Lagunak) estudioan egindako lana ahaztu gabe. Dinosaur Jr., Sonic Youth eta Sebadoh taldeen ondarea bere egin, txikitu eta nortasunez erakusten jakin dute nafarrek. Hala, taldeak koska bat egin du gora diskotzar honekin”.
Bada, larunbatean nafarrak Azkoitiko Matadeixen arituko dira, Inoren Ero Ni taldearekin batera, 22:30etik aurrera.
