Nontzeberri

Igandean “Kaskarot” eta “Manifestu bat” ikusgarriak, Saran

Igandean, martxoaren 1an, eta Sarako Lur Berri gelan, gaztetxoenentzako bi emankizun antolatu dira Hameka, Karrikako arteen Fabrika plataformatik. Kaskarot eta Manifestu bat dira ikusgarriak, lehena Atx Teatroak egingo du 16:00etan, eta horren ostean, 17:30ean, Beheko Larraine taldeak Manifestu bat antzeztuko du.

Kaskarot lanak honakoak kontatu nahi du: “Aner gizarte distopiko batean bizi da, zeinetan dantzatzea debekatua den. Anerri izugarri gustatzen zaio dantza egitea eta horrek arazo larriak sortzen dizkio. Kaskarot Anerren alter egoa da. Bere buru-argitasunaren eta zentzuaren bidez, Anerri erakutsiko dio bere egoerari buelta ematen eta arauen aurrean bere adierazpen askatasuna lehenesten.”

Beheko Larraineren lanean, beti bazterreko pertsonaia bat baino izan ez denak, azkenean, arreta bereganatuko du. Bere barne-ahotsek behingoagatik, begirada guztien erdigunera bultzatuko dute. Bueltan, bere begirada itzuliko digu. Nolako begirada, halako errealitatea. Begirada ironikoa heriotzari bizitzaren gorabeherak erakutsiz. Zerbait erakutsiko digu azkenerako?

Exit mobile version