Nontzeberri

Kartzelako altxor literarioa Ataramiñen

Gaurko goiz euritsuan, Bilboko Kalderapeko aretoan, Ataramiñe argitaletxearen 2012ko liburuen aurkezpena egin dute Oier Gonzalez (Ataramiñe), Aitor Lorente (askatu berria eta Ataramiñe bildumako partaidea), Xabier Makazaga (eta Bruselan bizi den iheslaria -bideokonferentziaz-), Maku Basabe (Ataramiñe) eta Mitxel Sarasketa (Ataramiñe) kideek.

Dakizuenez, Amnistiaren aldeko kolektiboek bultzatutako proiektua da Ataramine. “Urtez urte bilduma berri bat ateratzen da preso politiko eta iheslarien lan literarioz horniturik. Aurten 21 preso eta iheslarik hartu dute parte (prentsaurrekoa eman dutenen atzean euren argazkiak zeuden), eta orriotan antzerki obrak, kronika, ipuinak eta poemak argitaratu dira” esan du  Oier Gonzalezek.

Hala, aurtengo edizioan, Ataramiñe’12 lanak ikusi du argia. 2012ko bilduma honek, 21 preso eta iheslarien lanak jasotzen ditu, tartean Joseba Sarrionandiaren lanak ere badaude. Beste aldetik, Fakin Xakona izeneko poemarioak ere argia ikusi du. Poemak Oier Goitiak idatzi ditu. Mikel Antzak eskuratu zuen bere ordenagailua eta bertan zeuden poemak apailatu eta ediziorako prestatu zituen. Bertan agertzen den hitzaurrea Mikel Antzak berak idatzia da.

Haur literaturaren arloan ere bada berrikuntzarik. Kandela bat pizteko behar dena izeneko testua idatzi du Mikel Antzak. Ipuinari, Iker Morenok jarri dizkio irudiak.

Eta azkenik, Bruselan bizi den Xabier Makazaga iheslariak, bertan jarrita zegoen ordenagailuen bidez, bideokonferentziaz, Sasian barna nobelaren nondik norakoak kontatu dizkie bertaratu direnei. 
“Buruan nuen ideia aspalditik, duela 15 urte, eta idatzita nuen arren ez zen unerik egokiena argitaratzeko, ETAko kideen ibilaldien gaineko informazioa eman ahal nuen eta. Horregatik, orain, gauzak eta giroa erabat aldaturik dagoelarik, berreskuratu dut testu hura, aldaketa batzuk egin eta bere horretan plazaratu dut. Lanak, 94-95ean kokaturako istorio bat kontatzen du, ETAkideak nola bizi ginen, gure ibilaldiak eta bizimodua, izan ere, intoxikazio handia egon da horretaz, eta jendeak egia jakin behar du. Errealitatea bada ere fikzioa ere erantsi diot lanari”, esan du Xabier Makazagak pantailaz bestaldean.

Liburu hauek salgai izango dira Durangoko Liburu eta Disko Azokan Ataramiñeren saltokian, eta beste aldetik ere, Ahotsenean ere izango da honetaz gehiago jakiteko abagunea. Izan ere, abenduaren 7an, 14:00etan, liburu hauen gainean jardungo dute .

Argitalpen hauei buruz gehiago jakin nahi baduzue, Ataramiñek badu webgunea.

Exit mobile version