Karlos Zurutuza (Donostia, 1971) kazetariak Tripoli-Kabul liburua aurkeztu du gaur goizean Donostian. Gipuzkoarra hainbat herrialdetako gatazka armatuetan izan da, tartean, Afganistan, Kurdistan, Irak eta Libian.
Liburua Gaumin argitaletxeak plazaratu du eta dagoeneko prentsa alorreko 2012ko ARGIA Saria eta Rikardo Arregi Sari Nagusia jaso ditu. Izan ere, bilduma honetako hainbat testu Argia, Berria eta Gaztezulo hedabideetan argitaratutako erreportajeen moldapenak dira.
“Urtetako txangoa izan da Tripoli eta Kabul artekoa. Bidean, gerrak, goseteak eta injustiziak etxetik kanporatutakoekin egin dut topo . Erraza da Donostiatik Kabulera joatea, Tripoli zeharkatuta bada ere, baina ez alderantziz. Funtsean, gerrak familien etxeetako atea jo eta bota egiten du. Etxe haien barrukoak dituzue istorio hauek guztiak”, dio kazetari donostiarrak.