Aurreko edizioetan baino partaide gutxiago aurkeztu badira ere, epaimahaiak aurkeztutako lanen kalitate eta maila poetiko altua azpimarratu ditu. Hori dela eta, oso denbora laburrean, sariketa erreferente bilakatu da egungo poesiaren panoraman.
Euskarazko modalitatean, Euskal literaturan katedradun, idazle eta literatur kritikari den Jon Kortazarrek eta Castillo Suarez poesiagile nafarrak osatutako epaimahaiak, maitasun bideak oso ongi marrazteko gaitasuna azpimarratu du Oroimenaren lorratzak lanean. Hizkera dotore baten bidez, eta sinbolismoaren bideak jarraiki, poetak metafora aberatsez osaturiko liburua idatzi du. Poema liburu honetan, egileak, maitasuna ildo gidari duen imajinazioaren munduaren paisaia txikia osatu du.
Egilea, Karlos Santisteban, (Karrantza, Bizkaia, 1960) idazle, euskara irakasle eta itzultzailea da; 1983an argitaratu zuen Hitzak izeneko poema bilduma. Ordudanik literaturako hainbat genero landu ditu, azken urteetan, haur literaturan, zentratu bada ere.
Literatur sari honi izena ematen dion poetaren alarguna den Sabina De la Cruzekin batera, gaztelaniazko modalitatean Jose Fernandez de la Sota, Clara Janes eta Francisco Javier Lostale idazleek osatu dute epaimahaia.
Hauek, gaztelaniazko modalitatean, Toledon bizi den Elena Roman Torres idazlearen Esta dichosa ansiedad doméstica lanari eman diote saria.
Blas de Otero-Bilboko Hiria Saria, 2008an sortu zuen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Bilboko poetaren legatua kudeatzen duen Blas de Otero Fundazioarekin elkarlanean. Lehiaketaren helburua literatur sorkuntza sustatzea eta Bizkaiko hiriburuko hiritarren artean, hiriak eman duen idazle handienetako baten irudia ezagutaraztea da.
Nontzeberri