Bilbaohistorikok Kapsula Gabonak jaialdia antolatu du abenduaren 13tik 15era arte, antzerkiaz gozatzeko Bilbo zaharreko, Alde Zaharreko eta Atxuriko hainbat lokal komertzial eta kulturaletan.
Jaialdiaren helburua “euskal arte eszenikoak Bilboko auzo historikoetan sustatzea da, Gabonak fokuan jarriz. Horretarako, auzo horien eta bertako saltokien xarma deskubritu edo berraurkitzera gonbidatzen ditu ikusleak, hainbat eremu hartzen dituzten proposamenen bidez, hala nola komediaren, dramaren, dantzaren, inprobisazioaren edo monologoaren esparruetatik pasatuz”.
Kapsula Gabonak programak 16 ikuskizun plazaratuko ditu, eta guztira 30 aktore, musikari, dantzari eta ilustratzaile baino gehiago arituko dira egun horietan. Jaialdian, besteak beste Jon Plazaola, Naiel Ibarrola, Sol Maguna, Lander Otaola, Cecilia Solaguren, Jon Casamayor, Gema Martinez, Iñaki Maruri, Mitxel Santamarina eta Gurutze Beitia izango dira.
Lehen egunean, hilak 13, Berreginen Museoan, Mitxel Santamarina eta Iñaki Maruri aritzen diren Improtxou pieza ikusi ahalko da.
Ikuskizun guztietarako sarrera doakoa eta librea izango da, bete arte. Espazioak kontuan hartuta, edukiera mugatua da, eta lekua lortu ahal izateko antzezpen bakoitzera aldez aurretik joatea gomendatzen dugu. Ikuskizunek, batez beste, 15 eta 20 minutu arteko iraupena dute, egunero ikuskizun desberdinak ikusi ahal izateko.
Egun guztitako programazioa hemen kontsultatu ahal duzue.