Ahotseneak, Bizardia kultur elkarteak, Soinueneak eta Oiartzungo Udalak antolaturiko Kanterri ekimenaren laugarren edizioa uztailaren 4 eta 5ean izango da, Oiartzunen. Aurten, Benito Lertxundiren kantagintzan murgilduko dira parte-hartzaileak. Oraindik izena emateko aukera badago.
Hainbat saio antolatu dira euskal kantagintzan erreferentea den Lertxundiren inguruan. Hala, uztailaren 4an, Ane Ablanedok Benito, gure emozioen alkimista izeneko hitzaldia egingo du, eta horren ostean, Juantxo Zeberio musikariak Zerk bereizten ditu Benitoren kantuak? gaian sakonduko du. Itziar Navarro musikariak Orioko bardoaren lorratzean. Benito Lertxundiren ibilbideari errepaso kantatu bat izeneko saioa egingo du amaieran.
Hurrengo egunean, hilak 5, Imanol Artolak Benito Lentxundiren kantuak garai soziopolitikoen isla saioa egingo du, eta geroago, Iker Gurrutxaga kazetaria Benito Lertxundi, Talai-Menditik Mendibeltzera gaiari buruz mintzatuko da.
Saio guztiak Oiartzungo udaletxeko batzar areto nagusian izango dira.
Antolatzaileen esanetan, “Kanterrik esparru askotako eragileen elkarlana piztuarazi nahi du euskarazko kantagintzaren dimentsio artistiko, kultural, sozial, linguistiko eta historikoa balioan jartzeko, eta euskarazko kantagintza aztertu eta berau sustatzeko baliabideak eskaini nahi ditu. Gainera, egungo euskal kantagintzaren ekarpena bere ertz guztietatik hausnartzea du helburu, bai eta euskaraz kantatzeko grina transmititzeko bideetan sakontzea ere”.
