Gaur abiatuko da Bilboko Kalealdia helburu argi batekin: kaleko arte eszenikoen nazioarteko panoraman lehen mailan dauden hainbat talderen proposamen berrienak hirira ekartzea. Uztailaren 2tik 7ra 65 emanaldi izango dira hiriko kaleetan.
Guztira 26 konpainiak hartuko dute parte: 6 Euskal Herrikoak, 6 Estatuko gainerako lekuetakoak eta besteak, Frantziatik, Erresuma Batutik, Italiatik edo Belgikatik etorritakoak. Euren lanak, Areatzako, Plaza Barriko eta Arriaga Plazako agertokietan aurkeztuko dituzte, eta Casilda Iturrizar parkean ere.
Aipatu beharreko konpainia batzuk honakoak dira: Aller-Retour Cie eta Journal de nos corps zirku ikuskizuna; Ginger Brass Experiment, Imperial Kirikistan hirukotea eta trobadoreengandik eta komedianteengandik hurbil dagoen La Parade Impériale du Kirikistan musika ikuskizuna; Le Chapito de Nouvelle-Calédonie Caillasse lanarekin; Rosie Volt, Saseo Cie, eta zirkuko Cabaret de poche ikuskizuna; Britainia Handiko Barada Street; eta Zirkus Morsa konpainiak La fin demain obrarekin.
Euskal Herriko taldeak ere bilduko dira Bilbon, eta edizio honetan euskal konpainia hauek euren azken lanak eskainiko dituzte: Amaia Elizaran, Ganso & Cía, Ertza, Hika Teatroa eta Oinkari Dantza Taldea eta Zo-Zongó!!. Talde horien proposamenak dantza, zirkua, kaleko antzerkia edo clowna dira.
Berrikuntza gisa, Bilboko Kalealdiak Miguel Llanes euskal artista plastikoaren instalazio bat eskainiko du. “Margolari, eskulturagile eta sortzaileak birziklatutako material ugari erabiltzen ditu bere artelanak egiteko: plastikoa, kortxoa, egurra, sokak eta baita han hemenka aurkitzen dituen loreak ere, objektu berriei forma emateko”.
Egunez eguneko programazioa osoa hemen kontsultatu ahal duzue.