Kalealdia XVI. Nazioarteko Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiaren aurkezpena egin da gaur goizean. Xehetasunak emate aldera, Bilboko Udaleko Kultura Zinegotzi Nekane Alonso eta Bilboko Kalealdiaren Zuzendaria Pedro Ormazabal bertaratu dira.
Nazioarteko Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiaren XVI. edizioa ekainaren 29tik uztailaren 4ra bitartean egingo da. Kalitate handiaren erakusle izango den hamaseigarren edizioan 70 emanaldi programatu dira, 27 konpainiaren presentziarekin. Zazpi konpainia Euskal Herrikoak dira, sei espainiarrak, eta beste 14 kanpoalde urrunagotik datoz, hala nola, Japoniatik eta Kenyatik. Europa aldekoak ere ez dira faltako, eta Frantziatik edota Belgikatik etorriko dira gehienak.
Aurtengo edizioaren berrikuntza nagusia goizeko emanaldiak izango dira; hau da, arratsaldeko emanaldiez gain, goizeko publikoari begira ere atondu dira zenbait espektakulu. “Beste aldetik oso desafio polita izan da kanpoko taldeak ekartzea, batez ere Afrikako taldearen kasuan, izan ere, elkartasunezko proiektu baten barruan kokatu behar da hau. Euren birarekin lortutako diru-sarrera guztiak taldeak Nairobin daukan umeentzako Juhudi Urban Arts Centre Arte eta zirku eskola eraikitzeko erabiliko dira”, esan du Pedro Ormazabalek.
Beste aldetik, euskal eszenaren ordezkaritza zabala egongo da. Haatik Dantza Konpainia, Markeliñe, Pez Limbo, Zanguango Teatro, edota Deabru Beltzak arituko dira Bilboko kaleetan.
Bada, 29tik uztailaren 4ra bitartean ospatuko den Kalealdiaren egitarau osoa, nor, non eta zer, hemen duzue oso ondo deskribaturik: Bilboko Kalealdia.
