Datorren ostegunean, maiatzak 12, 19:30ean, zinearekin beste hitzordu bat duzue Irungo Kabigorrin. Oraingo honetan, Short Term 12 filma da aukeratu dute bertan saio interesgarri ontzeko. Filma jatorrizko bertsioan (ingelesa) ikusiko da, euskarazko azpitituluekin.
Destin Daniel Cretton-ek zuzenduriko film honetan hauxe kontatzen zaigu: “Gracek ikuskatzaile gisa lan egiten du egoera ahulean dauden nerabeentzako harrera-zentro batean. Izugarri atsegin du bere lana eta gazteen zainketan murgiltzen da erabat batzuetan bere iragan ilunaren aurka borroka egin behar badu ere. Jayden nerabea zentrora iristean, haurtzarotik herrestan daramatzan arazoei bizkar ematen jarraitzea ezinezkoa dela ohartuko da Grace. Bere bizitza pribatuaren eta lan-bizitzaren arteko oreka hauskorra arriskuan egongo da eta Gracek muturreraino eramaten duen krisia gainditzeko modua aurkitu beharko du”.