Nontzeberri

June Cresporen “Norbaiten eta zerbaiten artean” izeneko erakusketa, Bilbon

Carreras Mugica galeriak June Crespo artistaren Norbaiten eta zerbaiten artean izeneko erakusketa abiatu du uztailaren 29ra arte.

Erakusketa honetarako, artistak hainbat obra prestatu ditu. Alde batetik, altzairuz eta brontzez egindako zortzi horma-lan, objektu ezagunen mihiztadurari eta birkonfigurazioari buruzko ikerketan haratago doazenak. Esperimentatzeko nahi hori bera dago poliesterrezko erretxinarekin eta beira-zuntzarekin egindako beste obra-multzo batean: batzuk eraikuntzan erabiltzen diren zutabeen enkofratuekin sortu ditu, eta elkarrizketan ari dira galeriako espazioarekin; beste batzuk bidoiak erabiliz sortu ditu, hormigoiz egindako Core seriean ere agertzen den elementua. Erakusketa osatzeko, lore batzuen eskala aldatu da argizarian eta brontzezko galdaketan, eta No osso serieko lan bat dago.

June Cresporen praktika artistikoa eskulturarekin identifikatzen da neurri handi batean, eta hor garatzen duen lengoaia collage edo mihiztadura bezalako prozeduretan eta irudiaren erabilera esperimentalean oinarritzen da. Ingurune hurbiletik interpelatzen duten forma eta objektu funtzionalen artean ezartzen diren lotura afektibo eta dialektikoak dira bere lanaren abiapuntua.

June Crespo (Iruñea, 1982) Bilbon bizi da, eta bertan lan egiten du. Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean 2005ean, eta De Ateliers (Amsterdam) egonaldi-programan parte hartu zuen 2015. eta 2017. urteen artean. Bakarka egin dituen erakusketen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Am I an Object (2021) PA///KT (Amsterdam); Helmets (2020), Artium, Vitoria-Gasteiz; No Osso (2019), Uma Certa Falta de Coêrencia, Porto; Ser dosç (2017); eta Cosa y Tú (2015), Carreras Mugica galerian.

“Askotan, lanean hasten naiz objektu batekin dudan obsesiotik abiatuta eta haren formak behatuz. Zertaz hitz egiten didaten edo nola begiratzen didaten jakiteak modua ematen dit haiei lotuta jarraitzeko. Era berean, erakusketa honetarako lanean egon naizen bitartean, irudi batzuk izan ditut lagun: mingainaren eta ahosabaiaren arteko kontaktu intimoko harremana, edo betazalaren eta begi-globoaren artekoa; azal finen eta ertzen arteko kontaktua, hala nola lore baten petaloen artekoa. Bestetik, identifikatu dut pieza desberdinek zerbait dutela batera, hain zuzen, pultsu eta bultzada moduko zerbait. Aurrerantz doan zaldiarena bezalakoa”, dio artistak.

Exit mobile version