Nontzeberri

JP Lohian & Klonen Klana, sormen eztanda

DUT, Kuraia eta Lisabon aritutako Joseba Ponce musikariak JP Lohian & Klonen Klana bakarkako proiektua abiatu du. Gaur bertan zabaldu ditu zortzi kantuko diskoa eta grabazio hori zabaltzen duen Alperrik da apaintzea doinuaren klipa.

Diskoak bildutako zortzi kantuak askotariko eragin eta sonoritateak haizatzen ditu, sormen eztanda aberatsa gauzatuz. Rock gogor garaikidea, punk gitarra zorrotzak, teklatu barrokoak, 70’s hard pasarte klasikoak, 60’s pop kutsuko melodiak… Ponceren soinu-unibertsoa osatzen duten osagaiak zabaltzen dira zortzi kantu horietan.

Hala, ezaugarri klasikook garaikidetasunez jantzi ditu, berak aipatutako Jay Reatard edo Ty Segall soinu-azti modernoek egingo luketen bezala, lapikoan sartutako elementu guztiak erabat pozoitu arte.

Diskoan grabatutako instrumentu guztiak Poncek berak jo ditu, ondoan, uneoro, Karlos Osinaga izan duela, teknikari. Horretaz gainera, ahotsetan, Libe Garcia de Cortazarren eta Fernando Apoaren laguntza izan du, hain zuzen ere, ahotsetan lan izugarria egin du Josebak.

Grabazioaz ez ezik, diskoaren eta kliparen diseinuaz eta diskoa argitaratzeaz ere arduratu da Ponce, LP eta CD formatuan eskura daitekeena.

Exit mobile version