Joxean´S Hil Eben izenburuarekin izendatu du Katihotsak Logia kultur elkarteak Ataun Of The Dead film odoltsuaren bigarren zatia. Filma, gaur ikusi ahalko duzue San Inazio auzunean kokaturik dagoen Euskararen Etxean, 19:00etan.
Zonbi karlistak eta banpiro jeltzaleak dira bigarren zati honetako protagonistak: “Zumalakarregi berpiztu ondoren, Jon Tomas eta Josu-Jon Tomas (Ataun Of The Dead-eko bi zientzialari karlistak), XlX. mendean hildako soldadu karlistak lurpetik atera eta berpizten hasten dira. Zonbi plaga honek Partidu Nazionalista Banpiroko kideen nagusigo politikoa eta biziraupena kolokan jarriko ditu, eta kinka honetatik ateratzeko modurik onena Agirre lehendakaria esnatzea dela erabakiko dute”.
Lan hau Xabier Padinek eta Beñat Iturriozek zuzendu dute, eta azkenari, Nontzeberrik, elkarrizketa egin zion, eta bertan honakoak kontatu zituen: “Lehenengo filmean zonbi izurrite bat zabaltzen zen Euskal Herrian, eta filmeko protagonistak ziren zientzialari karlistak Zumalakarregi berpizten saiatzen zirenak, euskal politikan fundamentua jartzeko. Bigarren filma, urte bete beranduago gertatzen da. Zumalakarregi, XIX. Mendeko guda karlistetan hildako soldaduak berpizten hasten da. Zonbi izurriteak arazo handia suposatu dio Partidu Nazionalista Banpirokoei, ze banpiroak giza odolaz elikatzen dira, baina nola geroz eta zonbi gehiago dauden, konpetentzia handiagoa da eta errekurtsoak txikitzen doaz. Beraz, banpiroek Agirre lehendakaria berpiztea erabakitzen dute arazoari konponbidea bilatu diezaion. Ahaide nagusien gerraren antzeko zerbait da.
Estilo edo genero nahasketari dagokionean, egia da collage handi bat dela film guztia: Spaghetti Eestern-a eta B serieko filmen arteko nahasketa baten antzekoa da”. Hemen duzue elkarrizketa osoa”.
Joxean´S Hil Eben lanaren aurrekaria den Ataun Of The Dead filmari dagokionez, Ataunen grabatu zen, eta Xabier Padinek eta Beñat Iturriozek zuzendu. Lan horretan karlistak, Idiazabalgo gazta eta zonbiak nahasten dira.
Xabierrek eta Beñatek trilogiaren hirugarren zatia ere diseinatuta dute, ia horixe ere ikusteko parada daukagun.
Informazioa hemen eskuratu ahal duzue: katihotsak.com.
