Hainbat gai txirikordatzen dira Agirreren nobela berri honetan, batzuk egilearen narratiban ohikoak direnak (obsesio bihurtzeraino, kasik), eta beste batzuk orain indar handiagoz agertzen direnak: talde politiko klandestino baten barrunbeak modu aski fantastikoan kontatuak; norbere itxura eta are izaera ere hartzen duen doblea; desira eta jelosia; emakume ezezagun baten mirestea…
Donostia eta Venezia artean kokatzen da eleberria, kapitulu laburretan zatitua, narratzaile eta protagonista den gizonezko heldu baten ahotsean lauzpabost hari aldi berean garatuz, idazlearen marka diren ezaugarriekin: hizkuntza jolasti-dotorea, etengabe irribarrea pizten duen tonu ironikoa, erotismo bizizale eta sentsuala…
Beste aldetik, Antton Kazabonek gazteentzat Argazki albuma idatzi du. Ander trantze zail bat igarotzen ari da Aintzane ezagutu duenean, bera baino hamar urte zaharragoa den erizaina. Harreman berri horri esker berreskuratuko ditu bizipoza eta alaitasuna. Egun batean Anderrek bere argazki albuma elkarrekin ikustea proposatuko dio Aintzaneri.
Antton Kazabon (Oiartzun, 1954) lanbidez irakaslea da, bertsolaritzaren inguruan ere jarduna, eta haur nahiz gazteentzako liburu askoren egilea.