Josu Martinez zinemagilearen lanak ikusteko aukera izango da datozen egunotan Uztaritzen eta Maule-Lextarren. Uztaritzen Bizkarsoro filma pantailaratuko dute igande honetan, hilak 29, eta Zuberoako herrian Mirande, film bat egiteko zirriborroa filma urriaren 2an.
Bizkarsoro filmak euskaldunek jasandako jazarpena kontatzen du. Existitzen ez den herri batean, bost istorio erreal, 1914tik 1982ra gertatuak, ahozko lekukotzetan eta idazleen testuetan oinarrituak. Haietan barna, XX. mendean zehar Ipar Euskal Herriko herri ttipi batek bizitako aldaketa sozialak agerian gelditzen dira. Hizkuntza baten erroizte eta hurrentzea. Eta bizirik irauteko borroka. Istorio hori Euskal Herriko edozein herritan gerta zitekeen. Bizkarsoro asko izan baitira. Bertan agertzen diren pertsonak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira Bizkarsorotarrak.
Argia aldizkariko Gorka Peñagarikano Goikoetxeak hauxe adierazi zuen lanari buruz: “Bizkarsoro herri euskalduna da, jendearen joan-etorririk eta populazioaren nahaste handirik apenas bizitu duena iraganean. Lehen Mundu Gerran frantsesen bandoan borrokatu beharko du lehenik, eta nazien inbasioa jasan gero. Finean, identitateari eta hizkuntzari uko egitera behartuta ikusiko du bere burua. Programaturik dago bere heriotza, arriskuan dago, eta ondo pentsaturik egingo zaio eraso, baina pronostiko guztien kontrara, eutsi egingo dio. Eta hiltzekotan ere, badaki, autopsiarako frogak utzita hilko dela.”
Joan den urteko irailaren 27an estreinatu zuten Donostiako Zinemaldian, Zinemira sailean Antzoki Zaharrean, eta harrezkero laudorioak baino ez ditu jaso.
Mirande, film bat egiteko zirriborroa lana egileak berak deskribatu du modu honetan: “Mirande arrazista, pedofiloa, nazia, misoginoa eta ezmorala omen zen. Miranderi buruz hitz egiten den bakoitzean, polemika biziak sortzen dira. Ez dakigu zer egin idazlearekin. Miranderi buruzko film bat egin nahi dut, baina ez dakit nola. Agian, interesgarriena hari hitza ematea litzateke.”