Egunotan hainbat tokitan aurkezten ari da Joseba Sarrionaindiaren azken liburua, Munduari bira eman zion ontzia (Pamiela). Joan den barikuan Bilbon izan zen, bertako Liburu Azokan. Lan hori laster katalanez, galegoz eta gazteleraz ere argitaratuko da.
Historiako irakasle batek bere bilobarekin Juan Sebastian Elkanoren bidaia ospetsuaz izandako elkarrizketa luze bezain mamitsua da Joseba Sarrionaindiaren azken liburuaren korapiloa. Abentura izugarri hartaz heldu zaigun kontaketa historikoa zalantzan jartzen du eta mundu globalizatuan botere-harremanei buruzko hausnarketa proposatzen du liburuak. Liburuko elkarrizketak, ez umorerik gabe, gai guztietarako giltzak eskaintzen ditu: botere harremanak, gorbatak, truke ekonomiko desorekatua, kultur bestelakotasuna, botoi baten prezioa, arrazismoa, kosmosaren misterioa, memoria historikoa, lurraren propietatea, eskorbutoa, matxismoa, harrikoa egitearen garrantzia, globalizazioa…
Sarrionaindiak esana, “baina” eta “ontzia” hitzak funtsezkoak dira Munduari bira eman zion ontzia liburuan. “Baina” aintzinean omen madarikatutako hitzak kuestionamendua darama bere baitan (Bai, baina…) Eta “ontzia”, itsasontzia ez soilik, kontzeptu eta objektua da, boterearekin zerikusi handia duena. Izan ere, ontzia gauzak gordetzeko, pilatzeko eta mantentzeko tresna baita.
Joseba Sarrionaindiaren lana Aristides Hernandez Ares ilustratzaile kubatarrak ilustratu du.
Eguna probestuz, Euskaltzaindiaren egoitzatik pasatu zen Iurretako idazlea eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren eskutik jaso zuen Euskaltzain Urgazlearen Diploma. Izan ere, Euskaltzaindiak 1991ko urtarrilaren 31n izendatu zuen urgazle Sarrionandia, eta orain arte ez du diploma jasotzeko modurik izan.
